Prentsa oharra 2017-06-19

Prentsa oharra 2017-06-19

200 pertsona baino gehiago izango dira Biscay ESG Global Summit biltzarrean inbertsio arduratsua aztertzen

 

  •   Bizkaia inbertsio arduratsuaren munduko hiriburua izango da ekainaren 26 eta 27an
  •   Bizkaiko Foru Aldundia, Fineco-Banca Privada Kutxabank eta Deustuko Unibertsitatea elkartu egin dira Bizkaia inbertsio arduratsuaren nazioarteko erreferentzia bihurtzeko.
  •   Biltzarra ekainaren 26an hasiko da Guggenheim museoan Josep Oliu Banco Sabadell-en presidentea, Gregorio Villalabeitia Kutxabanken presidentea, Txomin Garcia Laboral Kutxaren presidentea eta Gonzalo Gortázar Caixabanken zuzendari exekutiboa partaide direla.
  •   Biltzarrak ekainaren 27an jarraituko du Euskalduna Jauregian Sebastian Albella CNMVren presidentearekin, Josu Jon Imaz Repsolen zuzendari exekutiboarekin eta Rosa García Siemens Gamesa Renewable Energy-en presidente ez-exekutiboarekin, besteak beste.
  •   ESG irizpideak (ingurumen, gizarte eta gobernatze onarenak, ingelesezko sigletan) jarraituaz enpresak hobeto kudeatuta daude eta munduan ondorio onak uzten dituzte errentagarriak izateari utzi gabe.

Bilbo, 2017ko ekainaren 19a. Bizkaia inbertsio arduratsuaren munduko hiriburua izango da ekainaren 26 eta 27an, Biscay ESG Global Summit biltzarrarekin, 200 pertsonatik gora bilduko baitira ESG irizpideak inbertsio arduratsuan aplikatzea aztertzen.

Bizkaiko Foru Aldundia, Fineco-Banca Privada Kutxabank eta Deustuko Unibertsitatea elkartu egin dira Bizkaia nazioarteko erreferentzia izan dadin inbertsio arduratsuan.

Biltzarra ekainaren 26an hasiko da, datorren astelehenean, Guggenheim museoan Josep Oliu Banco Sabadell-en presidentea, Gregorio Villalabeitia Kutxabanken presidentea, Txomin Garcia Laboral Kutxaren presidentea eta Gonzalo Gortázar Caixabanken zuzendari exekutiboa partaide direla. Elkarrizketa honetara euskal eta espainiar konpainia nagusietako presidenteak eta kontseilari ordezkariak etorriko dira; besteak beste, enpresa kotizatuak.

Biltzarrak ekainaren 27an jarraituko du, asteartean, Euskalduna Jauregian Sebastian Albella CNMVren presidentearekin, Josu Jon Imaz Repsolen zuzendari exekutiboarekin eta Rosa García Siemens Gamesa Renewable Energy-en presidente ez-exekutiboarekin, besteak beste.

Nazioarteko adituek ere hartuko dute parte, hala nola, Teresa Ribera Parisko Garapen Iraunkorreko Institutuaren zuzendariak, Jan Poser Bank Safra Sarasin banketxeko Aktiboen Kudeaketaren eta Iraunkortasunari buruzko Azterketen arduradunak, Thierry Bogaty Amundiko Inbertsio Iraunkorren zuzendariak edo Helena Viñes-Fiestas BNP Paribas Asset Management-eko Analisi Iraunkorrerako lantaldearen arduradunak, besteak beste.

Inbertsio arduratsua

Inbertsio arduratsua garrantzia handiagoa hartzen ari da finantzen munduan, izan ere inbertsioak erabakitzerakoan gero eta gehiago hartzen baitira kontuan ingurumen, gizarte, genero edo aniztasun irizpideak. Inbertsio paradigma berri bat da, mundu mailako finantzetan mugimendu iraultzaile eta geldiezin baten osagai dena.

Hazi ere, inbertsio arduratsuko funtsen bolumena hazi egin da Europan, 2010ean 200.000 milioi euro izatetik 2014an 372.000 milioi euro izatera, eta datozen urteetan ustez gora egiten jarraituko du. Halaber, mundu iraunkorrago baten alde bultzatzen diren ekinbide guztien artean, nazioarteko komunitate inbertsiogileak sentiberatasun berezia erakutsi du Nazio Batuen inbertsio arduratsuaren printzipioekiko (“UN PRI”). Printzipio horiek ingurumenaren, gizartearen eta gobernu onaren aldagaiei adi egotea bultzatzen dute, errentagarritasun parametroak beheratu gabe.

Bizkaia finantza leku izan da tradizioz, banketxe garrantzitsuen egoitza eta finantzetako profesional handiak izan ditu, eta inbertsio arduratsuen Europako eta nazioarteko erreferentzia izan nahi du, erakundeen, enpresen, finantza etxeen eta unibertsitatearen artean ingurune mesedegarria sorraraziaz.

Inbertsio arduratsuko biltzar hau lurraldea “hub finantzarioa” berriro bihurtzeko Bizkaiko Foru Aldundia egiten ari den ahaleginaren barruan kokatzen da, eta Europako mintegi intentsibo eta osoenetako batek osatuko du, Deustuko Unibertsitatearen eskutik. “ESG Investment and Finance Summer Programme” hau inbertsio arduratsuaz izango da eta ekainaren 26tik 30era iraungo du. ESG ekosistema osatzen duten eragile guztiei soilik zuzendutako unibertsitateko 30 orduko lehen prestakuntza egitaraua da.